XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eritasun edo istripu baten ondorioz, aulki gurpildun bati lotua egon beharra ez da batere egoera xamurra inorentzat. Arazo honi, eguneroko bizimodu normala egiteko topatzen dituzten zailtasunak gehitu behar zaizkio: eskailerak, ate estuak, telefono kabina altuak, lur azpiko aparkalekuak, espaloiak, koxkak... Oinez ibiltzeko aukera dugunok ohartu ere ez gara egiten detaile ttiki hauetaz, baina aulkian mugitu behar dutenentzat gaindiezinezko oztopo bihurtzen dira.

AULKI GURPILDUNARI LOTUAK. Eguneroko bizimodua egiteko zailtasunak

Arazoa hurbiletik ezagutzen ez duenak aulki gurpildunean dabiltzan denek buruhauste beretsuak izanen dituztela pentsa badezake ere, bakoitzak bere problematika berezia du, Julen Lekuona beratarrak gogorarazten duenez.

Batzuk mugikortasuna dute eta sentsibilitaterik ez, bertzeak alderantziz, bertze batzuk ez bata eta ez bertzea, hori da nire kasua

Berak auto istripu baten ondorioz medulan lesio bat izan zuen. Zazpi hilabete Toledoko ospitalean igaro zuen eta geroztik aulkiarekin bizitzera ohitu behar izan du.

Erakundeek gehiago egin beharko lukete

Etxean nolabait moldatzen dira, gehienek aulki gurpildunari egokituz obrak egin baitituzte.

Pakinko Igarzabal lesakarrak etxez aldatu behar izan du eta bere neurrira egin (pasabide zabala, komunean buelta emateko lekua...), baina ez du obra egiteko laguntzarik izan. Trabak bai, baimenak lortzeko eta...

Julenen etxean ere obra dexente egin behar izan dituzte: Bigarren pisu batean bizi naiz eta garajetik zuzenean igogailua jarri genuen. Autoari ere zenbait moldaketa egin genizkion

Baina etxeko atetik ateratzean hasten dira beraien burukominak.

Julenek dioenez, Bera aulkian ibiltzeko herri zaila da. %8ko maldak baino haundiagoak ezin dira igo eta Bera ez da xelaia. Hor dago Herriko Etxea, eliza, ostatuak, dendak, karriken egoera, zuloak, espaloiak...

Ibardinen, aldiz, arazorik ez dago. Frantzian eta Europan, orokorrean, arazo hauek lehenago ikusi dituzte eta askoz aurreratuago daude. Ibardingo bentak horretara egokitu behar izan dute

Pakinkoren ustez erakundeak dira laguntza gehien eskaini behar luketenak eta azkenean, guttien egiten dutenak. Lesakan bertan badira adibide mingarriak: futbol zelaia, joan den urtean estreinatua.

Nire betiko afizioa izan da igandetan Beti Gazte ikustea eta orain ezin dut, harmailetara joateko malda ttiki bat egin beharrean eskailerak paratu dituztelako.

Fabrikara doian errepidetik ikusten ditut orain partiduak, baina zelaiaren buelta guzian pinuak sartu dituzte eta hemendik bizpahiru urtera ez dut deus ikusiko.